XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikusita inguruan zein poesia klase egiten ari zen, oso zaila gertatu behar zitzaion Arestiri poesia sozialarekin edo gizakiaren aldeko konpromezu garbi bat oinarrizko baldintza zuenarekin topo ez egitea.

Garai hartan poesia mota hori nagusia zen poeten eta literaturaren inguruko ekoizpen eta eztabaidetan.

Honela ikusi zuen Ibon Sarasolak Maldan beheratik poesia sozialaren bideetara poetak egindako aldaketa:

Maldan beheraren frakasoaren ondorioz (poema noski ez zen ulertua izan, ez zentzuz, ez literatur balioez), Arestik bere poemagintza birplanteatzen du, bere poesia produkzioaren lehen etapa hertsiz.

Birplanteaketa honen ondorioz, fama gehien eman dioten obrak burutu zituen bigarren etapa batetan, hala nola Harri eta Herri, Euskal Harria, Harrizko Herri Hau, eta bere azken produkzioa bildu nahi zuen Azken Harria. (1976: 84)

Gorago aipatu duguna da: 60ko urteetan entzuterik lortu ahal izateko konpromezuaren bidetik gertu egon beharra zegoela, alegia.

Gaineratu horri, Arestiri gertu-gertutik heldu zitzaizkion poesia korrontearen izen handi askoren emaitzak, eta horrek, erabakigarria gertatu behar zuen Arestirentzat, nahitaez.

Horregatik da hain inportantea Arestiren aukeraketan 50eko urteetan Espainian garatu zen poesiaren norabidea.